Sagardoa, ezagutu beharreko mundua

Gure lurraldeko sagardoa

Euskal gastronomia eta kulturan Sagardo naturalaren balorea sustatu eta  merezi duen tratu eta onespena egoztea da Irauli proiektuaren zutabeetariko bat. Gaur egun, pixkanakako aldaketa ezagutzen den arren, Euskal Sagardo Naturalak ez du, gure lurraldeko bertako edari bezala, merezi duen tokia betetzen. Bere salmenta prezio baxuak eta garai batean Euskal Herriko baserri gehienetan ekoiztu izanak,  ekarritako hainbat edari baino kalitate baxuagokoa dela pentsatzera eraman gaitu askotan bertakoak. Kanpotar batek Euskal Herria bisitatzen duenean ordea, sagardoaren ekoizpen eta kulturak  harridura handia eragiten dio eta ulertezina gertatzen zaio gure baserrietan XIII. mendetik ekoiztutako edari natural, freskagarri, alkohol gutxiko eta osasungarri bat bertakook hain gutxi baloratzea.

Sagardoa mundu osoan zehar ekoizten da, baina gurea bezain naturala, oso toki gutxitan. Horrez gainera, gure lurraldean munduko beste inon gertatzen ez den ohitura bat dugu; TXOTXA. Kupela ireki eta sagardoa zuzenean basora isuriz, sagardoa aukeratu eta erosteko baserritar eta ostalariek egiten duten dastaketa da txotxa. Sagardotegi batzuetan garai bateko esanahia mantentzen duen arren, gaur egun festa giroan erabiltzen den ohitura da.

Asko dira sagardotegietatik eta sagardo mundutik azken hamarkada hauetan sagardoaren kalitatea eta onespena emendatzeko lan egiten ari diren eragileak; Fraisoroko dastamen panela edo Ingurumen eta nekazal laborategia,  sagardoari loturiko alor berezi batekin, Hazi erakundea (landa, itsasertz eta elikagaien sustapena) Eusko label ziurtagiriarekin, ENEEK (Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseilua), Euskal Herriko sagardogileen elkarteak, horien artean Gipuzkoako sagardogile elkartea, Sagardoetxea, sagardogileak eta  Diputazioa batik bat.

Irauli proiektua, eragile guzti hauen lana sustengatzeko saiakera bat da. Zintzotasunez adierazi dezakegu gure proposamena erabat berritzailea dela Sagardo naturalaren aukeraketa eta sailkapenari dagokionean. Gure taldean, euskal lurralde osoko 3 sagardo moten ordezkari diren sagardoak, lotez lote dastamenak eginez,  aukeratu dituen  Enologo bikain bat dugu.  Zuetariko askori galdera hau etorriko zaizue burura: “Sagardo mota desberdinak al daude?”  Bai, egon badaude eta ezagutu eta dastatzeko proposamena luzatzen dizuegu. Produktu baten miresmena bere ezagutza eta ulermenetik hasten da. Iraulik, zentzumenezko ezaugarriak baloratuz 3 multzotan bereizten diren sagardo naturalaren bilduma bat osatu du:

  • Alaia Sagardo naturala: Zapore eta aroma freskoak eskaintzen dizkigun sagardo alaia.
  • Oreka Sagardoa naturala: Sagardo natural honen berezitasuna zapore eta aromen oreka bikain da. Edan erraza.
  • Sendoa Sagardo naturala: Gorputz handikoa, asegarria eta aroma eta zapore sendoko sagardoa.

Sailkapen berritzaile honetaz gainera, gure karta Eusko Label-Ekologikoa den izaera handiko sagardo batekin osatu nahi izan dugu. Sagardo hau 100% bertako sagarrarekin eta nekazaritza ekologikoa erabiliz ekoizten da. Bukatzeko, gure eskaintza  merkatuan erabat berriak diren 2 produktuz osatzen da:

 Sagardo aparduna (Champanoise metodoarekin ekoiztua) eta sagardo sagar zuku naturalaz (Sagar lore edo Mosto “flor  “deritzoguna). Harrigarriak egingo zaizkizu!

Irakurle eta kontsumitzaile laguna, maitasun handiz idatziriko liburuxka honek gure gastronomiako produktu garrantzitsuenetariko baten inguruko jakinmina eta ezagutza areagotuko dizulakoan; goazen denok sagardoaz gozatzera!

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.Condiciones y Terminos de Uso

ACEPTAR
Aviso de cookies